XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arantxa Sistiaga. BIXKAR argazkia.

Arantxa Sistiaga * Pasai Donibaneko Koxtape taldeko arraunlari ohia. Hiru aldiz Estatuko txapelduna izana aulki mugikorrean: Arraunketa espainiar Estatuan matxista da

Euskadiko maila emakumeen arraunketan ona da.

Estatuko beste arraunlariekin konparatuz.

Egia esan, orain dela hiru edo lau urte, nik praktikatzeari utzi nionean, Sevillako Nautico eta Labradores taldetakoak ziren bakarrik gure parean jar zitezkeenak.

1987. urtean nik Espainiako Txapelketa irabazi egin nuen skiffean, eta bi urte geroago, 1989.ean, scull bikoitzean eta laukoitzean urrea eskuratu genuen, baita ere.

Scull-ean Karmele Etxarri lagun nuela, eta laukoan biok, Nekane Alkaraz eta Ines Etxeberriarekin batera.

Haiek izan ziren urterik onenak.

Lehenengo urtetan ilusio handiz entrenatzen ginen, baina, gero, lehiaketetan eta, batipat, nazioarte-mailan estropadak jokatzeko orduan ate guztiak itxi egiten dira, eta denboraren poderioz konturatzen zara ezin duzula aspiraziorik izan.

Guk zorte handia izan genuen txapelketa horiek irabazi genituen urteetan.

Gabino Ollokiegi, lehen San Juaneko arraunlari izana, gurekin hasi zen lanean, entrenamenduetan eta.

Izugarrizko laguntza izan zen guretzako.

Baina, guri gertatu zitzaigun garai hartan, Estatuko Federazioak selekziokoak izateko eta kanpora ateratzeko marka batzuk eskatu zizkigula, guk egin, eta haiek gero ez zuten beren hitza bete.

Nik ezagutu dudanaren arabera, behintzat, arraunketa estatu-mailan zeharo matxista da.

Azken urtetan, Olinpiadak zirenean batipat, zerbait egin zen, talde bat prestatu eta lanerako laguntza eta posibilitateak izan dituzte arraunlariak.

Baina, azken finean, iruditzen zait nahiko lan ustela izango dela.

Gure herrian, Pasaian, neskak ere aulki finkoan ibiltzen gara.

San Ignazio egunean, urtero antolatzen dira batelen estropadak emakumeen artean.

Ohitura handia dago.

Zenbaitetan parte hartu izan dut, lagunek eskatuta, batez ere.

Niri, pertsonalki, ordea, ez zait finkoa gehiegi gustatzen.

Ez gogorra delako, lehenago, gaztetatik, aulki mugikorrean ibiltzen hasi nintzelako baizik, eta gorputz osoa erabiltzen ohitu naiz.

Hanka-lana, batipat, mugikorrean egiten da, karruaren bidez gorputz osoa mugituz.